donostiakultura.com

San Telmo San Telmo

“Ask a curator” Twitterren

Gaur ari da Twitterren “Ask a curator” egitasmoa burutzen. Honen bitartez, Twioterreko erabiltzaileek bertan museoko profesionalei bere lanari buruz eta museo eta galeriei buruz dituzten ideiak, iritziak eta zalantzak azaltzeko aukera dute. Orain arte ikusitakoaren arabera, arrakasta handiko ekimena.

Kutxaren Boulevard Aretoetan San Telmori buruzko erakusketa ikusteko azken egunak

P8230085

Hauxe da Kutxaren Boulevard Aretoetan San Telmori buruz ikusgai dagoen erakusketa bisitatzeko azken astea. Izan ere, “San Telmo Museoa. Zatoz ezagutzera” titulua duen erakusketa hau igandera arte (irailak 5) irekita izango da.

Museoaren historia, berritze arkitektonikoa eta berrikuntza proiektua azaltzen ditu erakusketak hiru solairutan. Argazkian, bisitarien iradokizun eta ideiak jasotzeko `prestatu dugun txokoaren irudia, non ekarpen interesgarriak biltzen ari garen.

Erakusketak doako sarrera du eta ordutegia honakoa: 11:30-13:30 eta 17:00-21:00.

Informazio gehiago Kutxaren webgunean eta San Telmoren webgunean.

San Telmo Museoari buruzko erakusketa Kutxaren Boulevard aretoetan

st obra 1875

Gaur inauguratuko da “San Telmo Museoa. Zatoz ezagutzera” erakusketa. Kutxaren Boulevard aretoetan aurkezten den erakusketa honek San Telmo Museoaren berrikuntza proiektua eta prozesua azaltzen ditu, eta baita nolakoa da 2011n berriro ateak irekiko dituen museoa, Euskal Gizartearen eta Herritarren museo gisa. Aretoen egitura baliatuz -hiru solairuetan banatua- erakusketaren edukiak ere horrela antolatu dira bisitariak berritze prozesua ondo jarraitu ahal izateko.

Behe solairuan mendea betea duen museo honen historiari errepasoa egiten zaio: bildumak, museoan burututako ekitaldiak, erakusketak, jarduerak, bilakaera eta azkenik, berritzeko beharra eta lehen proiektuak.

Zero solairuan Nieto Sobejano arkitektura estudioaren proiektua azaltzen da, eta eskuhartzearen gakoak: eraikin historikoaren zaharberritzea eta errekuperazioa, museoaren zabaltzea eraikin berriaren bitartez, bere fatxada berezia eta museoko barne espazioen antolaketa.

Lehen solairuan, San Telmo berria zertan datzan azaltzen da, bai eta definizio horretara iristeko egin den lan prozesua: diskurtsoaren eraketa adituen laguntzaz, erakusketa iraunkorra, erakundearen ondare eta kultura proiektua, bere helburuak eta asmoak. Erakusketaren solairu honetan, gainera, museoaren publikoak zeintzuk izango diren azaltzen da, eta horrekin batera bere burua bertan islatua aurkitzen ez duen edozein pertsonak bere ekarpena egiteko aukera dago, publiko espektro hori aberastuz.

Ordutegia, egunero 11:30-13:30 eta 17:00-21:00, eta sarrera dohainik.

Informazio gehiago Kutxaren webgunean eta San Telmo Museoaren webgunean.

Lanen argazki berriak San Telmoren webgunean

st obra 1926

Eguneratuta dago San Telmo Museoaren webguneko “Lanak iruditan” ataleko argazki sorta. Atal honek museoaren lanen bilakaera jasotzen du argazki bidez egiten den jarraipenari esker. Jarritako azken irudiak apirila-ekaina hiruhilekoak dira eta hemen ikus daitezke.

Eskultura berria hiriko kaleetan

STM-Zugasti-Ruiz-Itxaso-Kutxa[1]

Jose Zugastiren Formaren garapena eskultura Donostiako hiriko ondare artistikoaren parte izango da hemendik aurrera: brontzezko artelana 5,10 m luze eta 3,40 m zabal da, eta 2,10 m goratzen da lurretik. Kutxa bildumakoa, lagapenean utzi zaio Donostiako Udalari.

Formaren garapena ikusgai egon zen 2009an kubo-kutxa aretoak antolatu zuen Ciria/Zugasti erakusketan. Eskultura Enpresa Zientzien Eskola ondoko lorategietan ezarri dute, Tolosa hiribidetik hurbil, Donostiako unibertsitate-eremuan. Inaugurazio ofiziala atzo goizean egin zen eta ekitaldian izan dira Jose Zugasti bera, Carlos Ruiz, Kutxako Gizarte eta Komunikazio Arloko zuzendaria, eta Denis Itxaso, Kultura eta Gazteria zinegotzia. Jose Zugasti Eibarren jaio zen 1952an eta Madrilgo San Fernando Arte Ederretako fakultatean ikasi zuen. Hainbat hiritan ikus daitezke haren obrak: Murtzian, Palman, Bilbon… Arkitektura-proiektu batzuetan aritu da lankidetzan eta hainbat erakusketatan parte hartu du, bakarkakoak nahiz kolektiboak. Zugastiren obrak bilduma publiko eta pribatu garrantzitsuetan daude gaur egun.

Informazio gehiago Kutxaren webgunean eta San Telmo Museoaren Flickr kontuan kokapena jasotzen duten argazkiak.

Kultura Ministroaren bisita San Telmoko lanetara

Imagen 018

Atzo arratsaldean Ángeles González-Sindek, Kultura Ministroak, museoko lanetara bisita egin zuen Gobernuaren ordezkariak, Mikel Cabiecesek; Donostiako Alkateak, Odón Elorzak; Denis Itxaso eta Duñike Agirrezabalaga Zinegotziek; Fuensanta Nieto arkitektoak; eta beste hainbat pertsonak lagunduta (irudian, bisitaren une bat).

González-Sindek San Telmoko lanak ezagutu zituen eta hauei buruzko berri eta xehetasunak jaso zituen, arkitektura proiektua, eraikin berriaren fatxada eta elizako aurkikuntzak besteak beste.

Kultura Ministerioak 8 milioi eurorekin lagundu du museoaren berritze proiektua.

Museoko taberna-kafetegiaren lehiaketa abian

Abian da San Telmo Museoko Taberna-Kafetegia, terraza barne, eta beste espazio batzuetan antolatzen diren ekitaldietako catering zerbitzuak batera kudeatzeko prozedura ireki bidez eragile bat kontratatzeko lehiaketa.

Helburua da hiriko kultura, artea edo kultur turismoko ibilbideak ezagutu nahi dituzten herritar eta bisitarientzako erreferentzia-puntu eta elkartzeko gune bihurtzea; kalitate eta dibertsitate egokiak proposatu behar ditu, gastronomian zein eskaintzen dituen irudi, azpiegitura eta langileei dagokienez, eta ahalik eta bisitari gehienen eskura jartzea lortu behar da.

Azken finean, Taberna-Kafetegia museoan integratutako espazio gisa ulertu behar da, gainerako zerbitzuekiko osagarria; Museoko bisitariek etenaldi bat egiteko erabil dezaketen espazio bat da. Halaber, Museoaren programazioarekin eta gaiekin erlazionatutako jarduerak antolatzeko espazio bat ere bada.

Ondorioz, funtsezkoa da zerbitzu azkarra eta arina eskaintzea, eta inguru atsegina eta abegitsua osatzea bertan denbora-tarte luzeago bat igaro nahi duten guztientzat.

Informazio gehiago eta pleguak, hemen.

Bihartik aurrera eskaintza zabala Urgullen

urgull orokorra ricar-1

Bihar hasita eta abuztuaren 31ra bitartean Urgullen udako kanpaina abian izango da. Ohi bezala, mendiko hiru guneak –Natur Txokoa, Liburutegia eta Historiaren Etxea- irekita egongo dira ordutegi zabalarekin eta jarduerak egingo dituzte astelehenetik ostiralera 18:00ean.

Udako klasiko bihurtuta jadanik, programazioa hiru guneetan banatzen da astean zehar: astelehen eta ostegunetan Liburutegian, astearte eta astezkenetan Natur Txokoan eta ostiraletan Historiaren Etxean. Gainera, iaz hasitako proiektuarekin jarraituz, Napoleonen Bolborategian kanoien zaharberritzea egingo da jendaurrean uztailaren 21etik irailaren 2ra bitartean asteazken eta ostegunetan, Aste Nagusian ezik.

Autobus konpainiak Urgullera igotzeko zerbitzua martxan jarri du jadanik, 39 linearekin.

Jarduerei eta garraio publikoari buruzko informazio gehiago hemen.

Museoei buruzko liburu berri bat aurkeztu da

P6240112
Gaur goizean Iñaki Díaz Balerdiren “Archipiélagos imaginarios. Museos de la Comunidad Autónoma del País Vasco” liburua aurkeztu dute San Telmoren behin behineko egoitzan. Liburua Nerea argitaletxeak kaleratu du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
 
Aurkezpenean egilea, argitaletxeko arduraduna, Marta Casares, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea, Antonio Rivera, izan dira.
 
 

 

 

Donostiako Museoen Sarea, Valenciako DEAC jardunaldietan

deac047

Donostiako Museoen sareak ponentzia bat aurkeztu berri du maiatzaren 27tik 29ra bitartean “Museos, espacios para compartir” izenburupean Valenciako IVAMean egindako museoen DEAC (Departamentos de Educación y Acción Cultural) direlakoen 16. jardunaldietan.

Museum Cementos Rezolako Amaia Llorente izan zen Donostiako Museoen Sarearen izenean (aipatutako Rezolak, Aquariumek, Chillida Lekuk, Elizbarrutiko Museoak, Real 100 Museoak , San Telmok, Untzi Museoak eta Zientziaren Kutxaguneak osatua) aurkezpena egin zuena, sareko beste museo gehienetako ordezkariak ere bertan zeudelarik. Sarearen ponentziak, “La red de museos de Donostia-San Sebastián: sueños y realidades” izenburuarekin, oso harrera ona izan zuen, beste museoek osatutako sareentzako elkarlan esperientzia gisa oso baliagarria iritzi baitzuten jardunaldietako parte hartzaileek.